Saltatu edukira

Nire emaztearekin, Tabitharekin, predikatzen

BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU

Niretzat, Jainkoa ez zen existitzen

Niretzat, Jainkoa ez zen existitzen
  • JAIOTZE-URTEA: 1974

  • JATORRIZKO HERRIALDEA: ALEMANIAKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

  • HISTORIA: ATEOA ZEN

NIRE IRAGANA

Saxoniako herri batean jaio nintzen, Alemaniako Errepublika Demokratikoan. Etxeko giroa goxoa eta maitekorra zen, eta nire gurasoek, printzipio moral altuak irakatsi zizkidaten. Gure herrialdea komunista zenez, Saxoniako gehienentzat erlijioa ez zen garrantzitsua. Eta niretzat, Jainkoa ez zen existitzen. Nire bizitzaren lehen 18 urteetan, bi ideologiak izan zuten eraginik handiena: ateismoa eta komunismoa.

Zergatik erakartzen ninduen komunismoak? Pertsona guztiak berdinak izatearen ideia asko gustatzen zitzaidalako. Are gehiago, ondasun guztiak zuzentasunez banatu behar zirela uste nuen. Honela, ez zen aberats eta pobreen arteko alderik egongo. Beraz, gazte komunisten erakunde batekin elkarlanean hasi nintzen. 14 urte nituenean, denbora asko eman nuen papera birziklatzeko ingurugiroko proiektu batean. Ondorioz, Aue hiriko agintariek bere esker ona erakutsi zidaten sari bat emanez. Oso gaztea nintzen arren, nire herrialdeko goi-mailako politikari batzuk ezagutu nituen. Helburu egokiak nituela eta oso etorkizun erakargarria nuela sentitzen nuen.

Orduan, nire mundua hankaz gora jarri zen. 1989an, Berlingo harresia erori zen, eta honekin batera, Europa Ekialdeko herrialde komunista gehienak. Eta, horren ostean, ustekabe gehiago izan nituen. Nire herrialdean injustizia asko gertatu zirela enteratu nintzen. Esaterako, komunismoaren alde ez zeuden hiritarrak, bigarren mailako pertsonak bezala tratatuak izan ziren. Baina, nola zen posible? Ez al genuen komunistok pertsona guztiak berdinak garela pentsatzen? Orduan, ilusio hutsa al zen komunismoa? Guzti honek, antsietate handia sortu zidan.

Beraz, nire lehentasunak aldatu nituen eta musikan eta margolaritzan interesa jarri nuen. Unibertsitatera joateko asmoarekin musika eskola batean ikasi nuenez, musikaria izateko ametsa nuen. Gainera, haurtzaroan ikasitako printzipio moralak baztertu egin nituen. Orain nire bizitzan garrantzitsuena, ondo pasatzea zen. Honek, neska askorekin aldi berean egotera eraman ninduen. Baina ez musikak, ez margolaritzak, ezta bizimodu liberalak ere, ez zidaten antsietatea baretu. Sentitzen nuen beldurra, nire margolanetan ere isladatzen zen. Nola izango zen etorkizuna? Eta zein izango ote zen biziaren zentzua?

Bilatzen ari nintzen erantzunak aurkitu nituenean, zur eta lur geratu nintzen. Arratsalde batean, eskolan nengoela, etorkizunari buruz hitz egiten ari zen ikasle talde batengana hurbildu nintzen. Hauen artean, Mandy * izeneko Jehobaren lekuko bat zegoen eta aholku on bat eman zidan: «Andreas, biziari eta etorkizunari buruzko zure galderen erantzunak jakin nahi badituzu, azter ezazu Biblia».

Ez nengoen guztiz konbentzituta, baina nire jakinminak irabazi zuen. Mandyk, Danielen bigarren kapitulua erakutsi zidan, eta irakurri nuena harrigarria izan zen. Profezia honek, mundu-potentzien zerrenda bati buruz hitz egiten du. Mundu-potentzia edo gobernu hauen ekintzen eragina, gaur egun ere nabaritzen da. Mandyk, etorkizunari buruzko beste biblia-profezia batzuk erakutsi zizkidan. Azkenean aurkitu nituen nire galderen erantzunak! Baina, nork idatzi zituen profezia horiek? Nork zuen etorkizuna honenbesteko zehaztasunez aurresateko gaitasuna? Frogatzen al zuen guzti horrek Jainkoa existitzen zela?

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

Mandy, Horst eta Angelika izeneko Lekukoen bikote bat aurkeztu zidan. Beraiek, Biblia hobeto ulertzen lagundu zidaten. Berehala konturatu nintzen, Jehobaren lekukoak Jainkoaren izena, Jehoba, erabiltzen duten eta garrantzia ematen dioten erakunde bakarra direla (83. Salmoa 18NWT; Mateo 6:9NWT). Jehobak gizakioi, Lurrean paradisu batean betiko bizitzeko esperantza eskaintzen digula ikasi nuen. Salmo batek dio: «Jehobarengan esperantza jartzen dutenak, lurraren jabe izango dira» (37. Salmoa 9NWT). Jainkoaren arauen arabera bizitzen saiatzen diren guztientzat, aukera hau eskuragarri dagoela argi nuen.

Hala ere, nire bizitza Bibliaren printzipioetara moldatzea ez zen erraza izan. Musikaria izateagatik lortutako arrakastak, harro bihurtu ninduen. Beraz, apalagoa izaten ikasi behar izan nuen. Are gehiago, nire bizimodu moralgabea uztea, asko kostatu zitzaidan. Bibliak irakasten duena betetzen saiatzen direnekin, Jehobak pazientziaz, errukiz eta modu ulerkorrean jokatzen du. Zenbat eskertzen diodan Jehobari jarrera hau!

Komunismoak eta ateismoak, nire bizitzaren lehenengo 18 urteetan eragin handia izan zuten. Baina geroztik, Bibliak nire bizitza aldatzen jarraitzen du. Ikasitakoak, etorkizunari buruzko antsietatea baretu zidan eta nire bizitzari zentzua eman zion. 1993an bataiatu eta Jehobaren lekuko bihurtu nintzen. Eta 2000. urtean, Tabitha izeneko Jehobaren lekuko batekin ezkondu nintzen. Biok ahal dugun guztia egiten dugu jendeari Biblia ikasten laguntzeko. Ezagutzen ditugun askok nire antzeko iragana dute, komunismoak eta ateismoak eraginda. Bestei Jehoba ezagutzen laguntzeak, asko pozten nau.

NIRE ONERAKO IZAN DA

Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzenean, nire gurasoak asko larritu ziren. Baina denborarekin, nire bizitzan izan duen eragin ona ikusi dute. Orain, Biblia irakurtzen dute eta Jehobaren lekukoen bileretara joaten dira. Arrazoi horregatik, oso pozik nago.

Tabithak eta biok ezkon-bizitza zoriontsua dugu, Bibliaren aholkuak jarraitzen saiatzen garelako. Esaterako, elkarri leial izatearen aholkuak gure harremana sendotzen du (Hebrearrei 13:4).

Orain, bizitzak eta etorkizunak ez didate beldurrik, ezta antsietaterik ere sortzen. Jehobaren lekukoen mundu-mailako familia baten parte naiz. Familia honetan, benetako bakeaz eta elkartasunaz gozatzen dugu, eta denak berdinak gara. Hau, nire bizitza osoan beti sinetsi eta bilatu dudana izan da.

^ § 12 Izena aldatu egin da.