Saltatu edukira

GAZTEEN GALDERAK

Bataiatu behar al naiz? 1. zatia: Bataioaren esanahia

Bataiatu behar al naiz? 1. zatia: Bataioaren esanahia

Urtero Jehobaren lekuko diren familietako gazte asko bataiatzen dira. Pauso hori ematea pentsatu al duzu? Hala bada, lehendabizi eskaintza eta bataioaren esanahiak ulertu behar dituzu.

 Zer da bataioa?

Bataioa ez da ura zipriztintzea bakarrik. Bibliak dioenez, pertsona bat bataiatzen denean, erabat urperatua izan behar du. Ekintza honek esanahi sinboliko oso garrantzitsua du.

  • Bataioan urperatzen zarenean, ez zarela zuri gustatzen zaizuna bakarrik egiteko bizi erakusten duzu besteen aurrean.

  • Uretatik ateratzean, Jainkoaren nahia egiteko helburua duen bizitza berri bat hasten duzula erakusten duzu.

Bataiatzen zarenean, besteen aurrean honakoa adierazten duzu: Alde batetik, Jehobak ondo eta gaizki dagoena erabakitzeko eskubidea duela onartzen duzula. Eta bestetik, berak eskatzen dizuna beti egingo duzula promesten duzula.

Pentsatu honetan: Zer arrazoi izan ditzakezu Jehoba bizitza osoan obeditzeko konpromisoa besteen aurrean hartzeko? Irakurri 1 Joan 4:19 eta Apokalipsia 4:11.

 Zer da eskaintza?

Bataiatu aurretik, lehendabizi zeure burua Jehobari bakarka eskaini behar diozu. Nola?

Otoitz batean honakoa promesten diozu Jehobari: bera beti zerbitzatuko duzula eta bere nahia beti egingo duzula, zer gertatzen den edo besteek zer egiten duten inporta gabe.

Bataiatzean bestei Jehobari promes hori egin diozula erakusten diezu. Gainera, ez zarela zuretzako bizi, baizik eta zure bizitza Jehobarena dela erakusten duzu (Mateo 16:24).

Pentsatu honetan: Zergatik hobetzen da zure bizitza Jehobaren esku uzten duzunean? Irakurri Isaias 48:17, 18 eta Hebrearrei 11:6.

 Zergatik da inportantea bataioa?

Jesusek bere ikaslea izateko bataiatzea beharrezkoa dela esan zuen (Mateo 28:19, 20). Gaur ere, bataioak kristauentzako beharrezkoa izaten jarraitzen du. Izan ere, Bibliak salbatzeko ezinbestekoa dela esaten du (1 Pedro 3:21).

Hala ere, bataiatzeko izan behar duzun motibazioa Jehobari diozun maitasuna eta estimua izan beharko litzateke. Salmogileak zuen jarrera bera izan behar duzu. Honakoa galdetu zuen: «Nola ordainduko diot Jaunari egin didan on guztia?». Ordainean, Jehobaren izenari dei egingo ziola eta berari egin zizkion promesak beteko zituela idatzi zuen (116. Salmoa 12-14).

Pentsatu honetan: Zer gauza on egin ditu Jehobak zure alde eta nola ordaindu ahal dizkiozu? Ikusi Deuteronomioa 10:12, 13 eta Erromatarrei 12:1.