«Zintzotasunezko ekintza txiki bat»
Hego Afrikako Danielle izeneko Jehobaren lekuko batek kafetegi batean bezero batek ahaztutako poltsa bat aurkitu zuen. Poltsa barruan diru-zorro bat zegoen dirua eta kreditu txartelekin. Poltsa bere jabeari itzultzeko asmoz, Daniellek helbide edo telefono zenbaki bat bilatu zuen, baina gizon baten izena aurkitu zuen soilik. Gizonarekin kontaktuan jartzen saiatu zen bere bankuaren bitartez, baina ez zuen lortu. Amore eman gabe, poltsan aurkitutako medikuaren errezetan agertzen zen telefono zenbakira deitu zuen. Deia erantzun zuen medikuaren laguntzaileak Daniellen telefono zenbakia gizonari ematea onartu zuen.
Medikuaren bulegotik gizonari deitu zioten Daniellek bere poltsa aurkitu eta itzultzeko nahia zuela esateko. Honek gizona erabat harritu zuen. Poltsa hartzera joan zenean, Danielle eta bere aita ezagutu zituen. Hauek, bera bilatzeko egindako esfortzuen zergatia azaldu zioten. Jehobaren lekukoak zirenez, biblia-printzipioekin bat bizitzen saiatzen zirela esan zioten. Arrazoi honengatik beti zintzoak izaten saiatzen ziren (Hebrearrei 13:18).
Ordu batzuk geroago, gizonak mezu bat bidali zien Danielle eta bere aitari eskerrak emanez bere poltsa eta diru-zorroa itzultzeagatik. Honakoa idatzi zien: «Benetan eskertuta nago ni bilatzeko egin dituzuen ahaleginengatik. Oso pozik nago zu eta zure familia ezagutzeagatik, eta zuen atsegintasuna eta adiskidetasuna goxotasunez gogoratuko dut. Zein eskertuta nagoen adierazteko, zuei dohaintza bat egitea nahiko nuke. Badakit Jainkoa zerbitzatzeko esfortzuak egiten dituzuela. Nire alde egin zenutena pertsona zintzoak zaretela erakusten du, Daniellen zintzotasun eta zuzentasunak argi utzi zidan. Beraz, berriro ere, eskerrik asko eta Jainkoak bedeinka dezala bere alde egiten duzuen zerbitzua».
Hilabete batzuk geroago, Daniellen aita harremanetan jarri zen berriro gizonarekin. Gizonak kontatu zion zer gertatu zitzaion diru-zorro bat lurrean aurkitu zuenean erosketak egiten zituen bitartean. Bere jabea aurkitu eta diru-zorroa itzultzean, hori egitera zerk bultzatu zuen azaldu zion: norbaitek duela gutxi bere diru-zorroa itzultzean erakutsi zuen zintzotasunak bultzatu zion. Hauxe esan zuen: «Bihotz onez egindako zintzotasunezko ekintza txiki batek beste bat eragiten du, ingurukoen bizitza hobetuz».