Saltatu edukira

Galaadeko biblia-eskolako 138. ikastaldearen graduazioa

Galaadeko biblia-eskolako 138. ikastaldearen graduazioa

2015eko martxoak 14an Galaadeko biblia-eskolako 138. ikastaldea Pattersonen (New York) dagoen hezkuntza-gunean graduatu zen. Programa 14.000 lagunek baino gehiagok zuzenean jarraitu zuten, bideo-konexio bidez ikusi zutenak ere kontuan hartuta. Bilera musika saio batekin hasi zen, Jainkoa adoratzeko erabiltzen diren lau kantekin, hain zuzen ere, eta entzulegoak beranduago abestu zituen. a

Bileraburua Geoffrey Jackson Zuzendari-batzordeko kidea izan zen. Bere lehendabiziko hitzetan, jasotako prestakuntza beraientzat ez gordetzeko esan zien ikasleei, besteak laguntzeko erabili zezatela baizik (2 Timoteori 2:2).

Jackson anaiak Moisesen eredua aztertu zuen. Denbora batez, Moisesen etxola Israel herriarentzako Jainkoaren adorazio-gunea izan zen. Halere, elkarketa-etxola eraiki zenean, hura bilakatu zen adorazio-gune. Dirudienez, Moisesek ezin zuen santu-santuan sartu, bertan sartzeko ohorea apaiz nagusiak soilik baitzuen. Hala ere, Moises aldaketa honengatik kexatu zenaren frogarik ez dago. Kontrara, Aaron apaiz nagusi bilakatu zenean, Moisesek bere alde egin zuen eginkizun berri hartan (Irteera 33:7-11; 40:34, 35). Zein izan zen irakaspena? «Balioetsi Jainkoak emaniko edozein eginkizun altxorra bailitzan, baina inoiz ez gorde zuretzako bakarrik» esan zuen Jacksonek.

«Airean doan hostoaren hotsa aski izango al da zuei ihes eragiteko?». Kenneth Flodinen, Zuzendari-batzordearen Irakaskuntza Batzordeko laguntzaile baten hitzaldiaren izenburua izan zen hau. Ikasleek beldurgarriak diruditen egoerei aurre egin beharko zietela esan zuen, esate baterako, beraien aurkako erasoak jasatea edo egokitutako eginkizunak zailak iruditzea. Lebitarrena 26:36ko hitzak erabiliz, egoera horiek hosto lehorrak bezala ikustera animatu zituen, ez aurre egiteko arazo zailegiak bezala. Flodinek, ondoren, Paulo apostoluaren eredua goraipatu zuen. Honek erronka ugari gainditu zituen Jehobarengan konfiantza izan zuelako (2 Korintoarrei 1:8, 10).

«Zeren bila zabiltza?». Hurrengo hitzaldia, Mark Sandersonek, Zuzendari-batzordeko kideak eman zuen. Esaera Zaharrak 13:12ko printzipioari buruz hitz egin zuen: «Gauzatzen ez den itxaropenak bihotzean pena sortzen». Tamalez, asko desengainaturik sentitzen dira bila ibili diren osasuna edo ospea lortu ez dutelako.

Jesusen garaian, adibidez, batzuek Joan Bataiatzailearengan itxaropen okerrak izan zituzten (Lukas 7:24-28). Esaterako, irakaskuntza abstraktuak irakatsiko zituen filosofoa izatea esperoko zuten agian. Hau bazen espero zutena, desengainu galanta izango zuten, Joanek egiari buruzko mezu zehatza irakatsi baitzuen. Beste batzuek, berriz, itxura itzeleko gizona esperoko zuten. Baina Joanek behartsuek janzten zituzten arropak zeramatzan. Profeta baten bila zebiltzanak, aldiz, ez zuten desengainurik izango, Joan profeta izateaz gain, Mesiasen aitzindaria izan baitzen (Joan 1:29).

Zein izan zen irakaspena? Sandersonek zuzena denaren bila ibiltzera bultzatu zituen ikasleak. Euren eginkizunean gorentasuna edo tratu berezia izatea espero ordez, beraien prestakuntza besteak laguntzeko erabili behar lukete. Nola? Galaaden ikasitakoa besteei azalduz, euren anai-arreben fedea sendotuz eta hauek maitatuz. «Izan zuen anai-arreben zerbitzari apalak eta egin Jehobaren nahia betetzeko ahal duzuen guztia» esan zien Sanderson anaiak. «Honela, ez duzue sekula desengainurik izango».

«Elikatu gose direnak». James Cauthonek, Biblia-eskolen Saileko irakasleetariko batek garatu zuen gaia da hau. Cauthonek pertsona guztiak maitatuak, estimatuak eta onetsiak izatearen gose direla adierazi zuen. Jesusek berak ere behar hori zuen. Izan ere, Jesus bataiatua izan zenean Jehobak behar hori ase zion hitz goxoz mintzatu zitzaionean (Mateo 3:16, 17).

Jehobak besteak gure hitzekin adoretu eta indartzeko ahalmena eman digu eta, beraz, ahalmen hori erabiltzea espero du (Esaera Zaharrak 3:27). «Saiatu zaitezte besteek dituzten gauza onak ikusten eta hauek goraipatzen» esan zuen Cauthonek. Bihotzez goraipatzeari esker, gure fedekideek ahaleginak egitea merezi duela jakingo dute.

«Azkeneko hatsa ere eman». Mark Noumair-ek, Irakaskuntza Batzordeko laguntzaile batek, hurrengo hitzaldia eman zuen. Paulo apostoluaren eredua erabiliz, Noumair-ek gutxienezkoa egitearekin pozik ez izateko esan zien ikasleei. Alderantziz, Paulok bezala, diren guztia besteen alde emanez gero, zoriontsu izatea lortuko dute (Filipoarrei 2:17, 18).

Nahiz eta arazoei aurre egin, Paulok ez zuen amore eman. Heriotza arte gogor saiatzen jarraitu zuenez, azkeneko hatsa ere eman zuela esan daiteke. Horregatik, honakoa esan ahal izan zuen: «Bukatu dut lasterketa» (2 Timoteori 4:6, 7). Noumair-ek Jainkoaren Erreinuaren alde leialki eginez Pauloren eredua euren eginkizunetan jarraitzeko animatu zituen ikasleak.

Bizipenak. Michael Burnettek, Galaadeko beste irakasle batek, hurrengo atala zuzendu zuen. Bertan, ikasleetariko batzuek Pattersonen izan ziren bitartean predikatzean izandako bizipenak antzeztu zituzten.

Ikasleek, predikatzeko aukerak bilatuz, behin eta berriz emaitza onak izan zituzten, baita egiari buruz «bihotzeko hizkuntzan» hitz egiten saiatzean ere, hau da, jendearen ama hizkuntzan. Esaterako, predikatu behar zuen eremuan gaztelaniaz hitz egiten zuen jende asko zegoela esan zioten ikasle bati. Beraz, predikatzera joan aurretik, gaztelaniaz hitz batzuk ikasi zituen JW Language aplikazioaren laguntzaz. Egun hartan bertan, gaztelaniaz hitz egiten zuen gizon bat topatu zuen kalean. Ikasitako hitz gutxi horiek erabiliz, ikaslea gizonarekin hitz egiten hasi zen eta, ondorioz, berarekin eta bere familiako lau kiderekin biblia-ikastaroa hasi ahal izan zen.

Elkarrizketak. William Turner semeak, Zuzendari-batzordearen Berri onen zabaltze-batzordeko laguntzaileak, lau ikasle elkarrizketatu zituen. Galaadera joan aurretik izan zituzten bizipenei buruz eta eskolan izandako prestakuntzari buruz hitz egin zuten.

Ikasleek euren bizipenik animagarrienak azaldu zituzten. Adibidez, ikasle batek Lukas 10etik ikasitakoa adierazi zuen. Jesusek bidalitako 70 ikasleak poztu egin ziren predikatzean izan zituzten emaitza onengatik, baita Jesus ere. Hala ere, poztasuna emaitza onen baitan bakarrik ez dagoela irakatsi zien Jesusek ikasleei, Jehoba euren ahaleginekin pozik egotean baizik. Honek zoriontasuna gure egoeraren baitan ez dagoela gogorarazten digu, Jehobaren onespena izatean baizik.

Turner-ek Filipoarrei 1:6 ikasleei egokitu zien, Jehobak, beraiengan «hain lan ederra hasi zuenak», orain ere beraiekin jarraituko duela ziurtatuz.

«Eduki Jehoba begien aurrean». Samuel Herdek, Zuzendari-batzordeko kideak, programaren hitzaldi nagusia eman zuen. Jehoba begiekin ezin dugula ikusi gogorarazi zuen. Hortaz, nola eduki dezakegu Jehoba begien aurrean?

Jehoba ikusteko moduetariko bat bere sorkuntza aztertzea da, honek berari buruz irakasten baitigu. Gainera, Jehobak gure «barruko begiak» argitu ditu (Efesoarrei 1:18). Beraz, Biblia geroz eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago jakingo dugu Jehobari buruz. Eta Jehobari buruz are eta gehiago jakin, orduan eta gehiago gerturatuko gara berarengana.

Arreta ebanjelioetan jarri behar dugu bereziki, Jehoba nolakoa den argi agertzen baitute bere Semearen hitz eta ekintzen bidez. Jesusek Jehobaren izaera hain argi agertu zuen, honakoa esan ahal izan zuela: «Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du» (Joan 14:9).

Jehoba ikusteko Jesusen eredua erabiltzeaz gain, entzulegoa eredu hori jarraitzera animatu zuen Herd anaiak. Esaterako, Jesusek gainontzekoak elikatzeko ahal zuen guztia egin zuen bezala, guk ere jaso ditugun elikagai espiritualak besteei banatzeko gogor saiatu behar dugu.

Zein da Jehoba begien aurrean izatearen emaitza? Salmogileak izan zuen konfiantza bera izan dezakegu. Hau idatzi zuen berak: «Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin» (16. Salmoa 8).

Amaiera. Ikasleek euren diplomak jaso ondoren, graduatuetariko batek ikastaldearen eskerroneko eskutitz hunkigarria irakurri zuen. Honen ostean, ikasleei aurrerantzean irakasten duten guztia ez duela zertan berria edo sakona izan behar esanez amaitu zuen Jacksonek. Anai-arrebei jadanik ezagutzen dituzten gauzak gogoratzen jarraitu beharko dute batez ere. Gainera, Jacksonek apalak izatearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Euren buruari edo Galaaden izandako prestakuntzari arreta eman beharrean, Bibliari eta biblia-argitalpenei zuzendu behar dietela gogoratu zien. Honela, Galaad eskolara joateko aukera ez dutenak desanimatu ordez, graduatuek euren fedekideak adoretu ahal izango dituzte jada eskura dituzten baliabide espiritualei onurak ateratzen lagunduz. Graduazioa amaitzean, entzulego osoa erabat indarberrituta sentitu zen eta euren anai-arrebak zerbitzatzeko erabakia ere sendotu zen.

a Kanta berriak astearen hasieran eman zitzaizkien bilerara joango zirenei.

b Mapan ez dira herrialde guztiak erakusten.

c Graduatu guztiak ez daude zerrendan.