Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Komunikazio ona zure seme-alabekin konektaturik mantentzen zaituen zubia da

GURASOENTZAT

5. Komunikazio ona izan

5. Komunikazio ona izan

ZER ESAN NAHI DU?

Gurasoek eta seme-alabek benetako komunikazioa dute euren ideiez eta sentimenduez hitz egiten dutenean.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

Gazteekin komunikazio ona izatea benetako erronka izan daiteke. Familiakideen arteko komunikazioari buruzko liburu batek gurasoak nola sentitu daitezkeen azaltzen du: «Lehen, nolabait, zeure seme-alaben bizitzetan eszenatokiaren atzealdean, beraien ondo-ondoan, egoteko aukera zenuen. Orain, gehienez, ikuslegoarekin nahasturik egon zaitezke eta, askotan, azkenengo ilaratan». a Baina zure seme-alabek zurekin hitz egin nahi ez dutela ematen duenean, orduan dute zurekin hitz egiteko inoiz baino behar handiagoa.

ZER EGIN DEZAKEZU?

Moldatu zure seme-alaben beharretara. Hau egin ezazu, berandu arte hitz egiten gelditu behar baduzu ere.

«Agian pentsatu dezakezu: “Egun osoa elkarrekin egon ostean, orain hitz egin nahi duzu?”. Baina gure seme-alabek bihotzez hitz egin nahi badigute, nolatan ez diegu entzungo? Ez al da hori guraso guztiok nahi duguna?» (Lisa).

«Lotara goiz joatea gustatzen zait, baina nire seme-alaba gazteekin izan ditudan elkarrizketarik onenak, batzuetan, gauerdia ondoren izan dira» (Herbert).

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik» (1 Korintoarrei 10:24).

Arretarik ez galdu. «Batzuetan nire seme-alabek hitz egiten didaten bitartean, beste gauzetan pentsatzen ari naiz eta, noski, konturatu egiten dira», onartzen du aita batek.

Egoera hau oso ezaguna egiten bazaizu, itzali telebista eta utzi alde batera gailu elektronikoak, esaterako, mugikorra. Arreta jarri zure semea edo alaba esaten ari denari. Bere arazoak itxuraz garrantzitsuak ez izan arren, erakutsi zuretzat garrantzitsuak direla.

«Gure seme-alabek argi ikusi behar dute euren sentimenduak guretzat oso garrantzitsuak direla. Bestela, ez dizkigute beraien sentimenduak kontatuko edo beste batengana joko dute laguntza bila» (Maranda).

«Nahiz eta zure semeak edo alabak astakeria bat esan, ez zaitez zure onetik atera» (Anthony).

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Kontu izan, bada, nola entzuten duzuen» (Lukas 8:18).

Aprobetxa ezazu edozein une. Batzuetan, gazteek euren gurasoekin giro informal batean hitz egitea nahiago dute.

«Bidaiak elkarrekin hitz egiteko aprobetxatzen ditugu. Aurrez aurre egon beharrean, aldamenean eserita egoteak elkarrizketa errazten du» (Nicole).

Otorduak ere hitz egiteko aukera onak dira.

«Afaltzen dugun bitartean, egunean zehar gertatu zaigun onenari eta txarrenari buruz hitz egiten dugu. Ohitura honek elkartu egiten gaitu eta arazoei aurre egiteko bakarrik ez gaudela gogorarazten digu» (Robin).

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Gizaki orok izan behar du entzuteko bizkor, hitz egiteko nagi» (Santiago 1:19).

a Breaking the Code: Two Teens Reveal The Secrets To Better Parent-Child Communication, Lara Fox eta Hilary Frankel.