Zailtasunei aurre egiteko prestatu
Zailtasunei aurre egiteko prestatu
«Erretzeari uztea erabaki nuen gure haur jaioberriaren osasuna ez kaltetzeko. Beraz, “EZ ERRE” jartzen zuen kartel bai ipini nuen etxean. Baina, ordubete beranduago, nikotinaren irrikak tsunami batek bezala menperatu ninduen eta zigarro bat piztu nuen» (Yoshimitsu, Japonia).
Yoshimitsuri gertatu zitzaionak adierazten duen bezala, erretzeari uztearen prozesuak zailtasunak ditu. Are gehiago, ikerketen arabera, erretzeko ohituran berriro erortzen diren ia % 90ak ohitura hori izaten jarraitzen du. Hortaz, erretzeari uzten saiatzen ari bazara, arrakasta izateko aukera gehiago izango dituzu zailtasunei aurre egiteko prest bazaude. Zeintzuk dira zailtasunik ohikoenak?
Nikotinaren irrika: Normalean, unerik gorena, zure azken zigarroa erre eta hiru egunera gertatzen da, eta bi astera desagertzen hasten da. Denbora horretan «irrika, olatuak bezala, joan eta etorri egiten da, ez da iraunkorra», dio erretzaile izandako gizon batek. Urteak pasata ere erretzeko bat-bateko beharra sentitu dezakezu. Hori gertatzen bazaizu, ez jokatu arinegi; itxaron bost bat minutu eta desirak alde egingo du.
Abstinentziaren beste sintoma batzuk: Hasieran jendeari zaila egiten zaio esna edo kontzentratuta egotea, eta beste batzuk gizendu egiten dira. Batzuetan mina, azkura, izerditzea edo eztula jasan dezakete. Honetaz gain, umore aldaketak izan eta pazientzia eza, haserretzeko erraztasuna edo depresioa sufritu ahal dute. Sintoma gehienak, hala ere, lautik sei astera desagertu ohi dira.
Garai zail honetan, lagundu ahal dizuten gauza praktiko batzuk egin ditzakezu. Esaterako:
● Lo gehiago egin.
● Ur edo zuku gehiago edan eta elikagai osasuntsuak jan.
● Kirola neurriz egin.
● Arnasa sakon hartu eta aire garbiak zure birikak betetzen dituela imajinatu.
Irrika pizten duten gauzak: Erretzera bultzatu zaitzaketen ekintzak edo sentimenduak dira hauek. Adibidez, zerbait edatean, agian zigarro bat pizteko ohitura zenuen. Horrela bada, saiatu edaten ari zaren momentu hori asko ez luzatzen. Denborarekin, noski, zure edaria lasaitasun gehiagorekin hartu ahal izango duzu.
Nikotinaren beharra atzean utzi arren, zenbait gauza egiten dituzunean, erretzeko beharra piztu daiteke. «Orain dela 19 urte erretzeari utzi diodan arren, kafea hartzera noanean, oraindik erretzeko tentazioa sentitzen dut», dio lehen aipatutako Torbenek. Hala ere, sentimendu hau normalean pixkanaka desagertzen doa.
Alkohola tartean dagoenean, egoera desberdina da. Izan ere, jende asko, alkohola edaten ari den bitartean, berriro erretzen hasten da. Horregatik, agian alkohola edateari ere utzi beharko diozu, baita hau zerbitzatzen duten tokietara joateari ere. Zergatik da hau egitea hain garrantzitsua?
● Alkohol kopuru txikiek ere nikotinak sortzen duen plazerra handitzen dute.
● Erretzea eta lagunekin alkohola edatea askotan lotuta egoten dira.
● Alkoholak zentzua eta lotsa galduarazten ditu. Arrazoiz dio Bibliak «ardoak eta pattarrak burua txoratu» egiten dutela (Oseas 4:11).
Lagunak: Kontuz aukeratu norekin elkartzen zaren. Adibidez, saiatu erretzaileekin edo erretzera gonbidatzen zaituztenekin ez egoten, ezta erretzeari utzi nahi diozulako zutaz barre egiten dutenekin ere.
Sentimenduak eta estresa: Ikerketa baten arabera, berriro erretzen hasi zirenen ia bi herenak estresatuta edo haserre zeuden berriro erori baino lehen. Sentimenduren batek erretzeko irrika pizten badizu, jarri burua beste zerbaitetan, esaterako, ura edan, txiklea jan edo paseo bat ematera joan. Saiatu burua pentsamendu positiboz betetzen, agian, Jainkoari otoitz eginez edo Biblia irakurriz (19. Salmoa 15 [19:14, NWT]).
Utzi aitzakiak alde batera
● Zupada bat bakarrik emango diot.
Errealitatea: Zupada bakar batek zure burmuinak hiru ordurako behar duen nikotinaren erdia eman ahal dizu. Horregatik, hau egiten dutenak normalean berriro erretzen hasten dira.
● Erretzeak erlaxatzen laguntzen dit.
Errealitatea: Ikerketen arabera, nikotinak estres hormonaren maila igo egiten du. Pertsona batzuk agian erlaxatuago sentitzen dira nikotina berriro gorputzean sartzean, abstinentzia sintomak gutxitu egiten direlako.
● Beranduegi da uzteko.
Errealitatea: Pesimismoak etsipenera eramaten gaitu. Bibliak dio: «Larrialdian adorea galdu baduzu, larri zabiltza indarrez!» (Esaera Zaharrak 24:10). Beraz, baztertu pentsamendu negatiboak. Benetan erretzeari utzi nahi dion edonork aldizkari honetan aipatu diren moduko aholkuak praktikan jartzen baditu, arrakasta izan dezake.
● Abstinentzia sintomak gogorregiak dira niretzat.
Errealitatea: Egia da, abstinentzia sintomak gogorrak dira, baina aste batzuetan arinduko dira. Beraz, ez amore eman! Hilabeteak edo urteak beranduago erretzeko nahia pizten bada ere, seguruenik minutu batzuetan desagertu egingo da, beti ere zigarrorik pizten ez baduzu.
● Ez naiz uztera ausartzen buruko gaixotasun bat dudalako.
Errealitatea: Buruko gaixotasun batengatik tratamendua jasotzen ari bazara, esaterako depresioa edo eskizofrenia, erretzen uzteko laguntzeko eskatu zure medikuari. Seguruenik pozik lagunduko dizu, agian hartzen dituzun botikak aldatuz.
● Berriro erortzen banaiz, porrot hutsa naizela sentituko dut.
Errealitatea: Askori gertatzen zaien bezala berriro erretzen baduzu, horrek ez du esan nahi ez duzula erremediorik. Ez zaitez desanimatu eta ekinean jarraitu. Berriro erortzeak ez du esan nahi porrot egin duzunik, porrota amore ematea da. Hortaz, eutsi goiari, zuk lortu dezakezu!
Aztertu dezagun 26 urtez erre zuen Romualdoren bizipena. Duela 30 urte baino gehiago utzi zion erretzeari. Berak dio: «Erretzeari utzi nahi nion arren, ez dut gogoratzen zenbatetan erori nintzen berriz. Erretzen hasten nintzen aldi bakoitzean, oso txarto sentitzen nintzen. Erremediorik ez nuela pentsatzen nuen. Hala ere, Jehobarekin harreman ona izan nahi nuela erabaki nuen eta behin eta berriz bere laguntza otoitzean eskatzen nion. Azkenean, behin eta betiko erretzeari utzi ahal izan nion».
Sail honen azken artikuluan, erretzaile ohi zoriontsua izaten lagunduko dizuten aholku gehiago aztertuko ditugu.
[Taula]
HILKORRA BERE FORMA GUZTIETAN
Tabakoa modu askotan erabiltzen da. Herrialde batzuetan tabakoz eginiko produktuak belar dendetan eta janari osasuntsua saltzen duten dendetan ere aurkitzen dira. Baina Munduko Osasun Erakundearen arabera, «tabakoa hilkorra da bere forma guztietan». Izan ere, tabakoak hilkorrak diren gaixotasun asko sortzen ditu, adibidez minbizia eta bihotzeko gaixotasunak. Haurdun dauden emakumeek erretzen badute, euren jaioagabeko haurra kaltetu dezakete. Zer formatan erabili ohi da tabakoa?
Bidiak: Eskuz biltzen diren zigarro txiki hauek Asiako herrialdeetan dira ohikoak. Zigarro arruntek baino askoz ere alkitran, nikotina eta karbono monoxido gehiago askatzen dute.
Puruak: Tabako hostoetan edo tabako landarearekin egindako paperean bildutako tabako xehatuarekin eginak daude. Hauek eginda dauden moduaren ondorioz, nikotina ahotik xurgatu daiteke itzalita badaude ere.
Kretek edo iltze zigarroak: Normalean % 60 tabako eta % 40 iltze dute. Zigarro arruntek baino alkitran, nikotina eta karbono monoxido gehiago askatzen dute.
Pipak: Pipa erretzea ez da zigarroak erretzea baino hobea. Izan ere, bi ohitura hauek minbizi mota berdinak edo beste gaixotasun batzuk sortu ditzakete.
Kerik gabeko tabakoa: Honen barne mastekatzeko tabakoa, tabako hautsa eta gutkha (Asiako hego-ekialdean erabiltzen den nahasketa lurrindua) daude. Nikotina odol korrontean sartzen da ahotik. Kerik gabeko tabakoa beste tabako formak bezain arriskutsua da.
Ur pipak (katxinba, hookah, nargile, shisha): Gailu hauekin tabakoaren kea uretatik pasatzen da arnastu aurretik. Hala ere, prozesu honek ez du biriketara sartzen den toxina kopurua murrizten; hauen artean minbizi eragileak.
[Taula]
NOLA LAGUNDU AHAL DIOZU BESTE BATI?
● Izan positiboa. Zerbait positiboa esatea kritikatzea baino hobea da. «Berriz saiatzen bazara lortuko duzu!» esateak «Berriz huts egin duzu» esateak baino indar gehiago du.
● Izan ulerkorra. Erakutsi pazientzia erretzeari uzten ari zaion norbait haserre badago. Esan gauza atseginak, esaterako: «Badakit zaila dela baina egiten ari zarenaz harro nago». Ez esan inoiz: «Erretzen zenuenean nahiago zintudan».
● Izan benetako laguna. Bibliak honakoa dio: «Adiskideak beti zaitu maite, anaia larrialditarako jaioa da» (Esaera Zaharrak 17:17). Beraz, pazientzia eta maitasuna erakusten saiatu beti, zein ordu den edo erretzeari uzten ari zaionak zer umore duen axola gabe.