Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

37. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 118. KANTA Eman, arren, fedea

Azkenera arte leialki irauten lagunduko digun gutun bat

Azkenera arte leialki irauten lagunduko digun gutun bat

«Hasieran genuen konfiantzari azkeneraino sendo eusten [diogu]» (HEB. 3:14).

IDEIA NAGUSIA

Hebrearrei idatzitako gutunean, azkenera arte leialki irauten lagunduko diguten aholku praktiko batzuk aurkituko ditugu.

1, 2. a) Paulo apostoluak hebrearrei gutun bat idatzi zienean, zein zen Judeako egoera? b) Zergatik esan dezakegu gutun hura momentu aproposean iritsi zela?

 JESUS hil ondoren, Jerusalem eta Judean bizi ziren judu kristauek zailtasun asko izan zituzten. Adibidez, lehen mendeko kongregazioa osatu eta gutxira, kristauek pertsekuzio gogorra jasan zuten (Eg. 8:1). 20 urte inguru beranduago, Jesu Kristoren jarraitzaileek zailtasun ekonomiko larriak izan zituzten, beharbada lurralde hartan izan zen gosetearen eraginez (Eg. 11:27-30). Hala ere, K.o. 61. urtearen inguruan, etorkizunean gertatuko zenarekin konparatuta, kristauek neurri bateko bakea izan zuten. Garai hartan, Paulo apostoluak gutun bat bidali zien, eta hau momentu aproposean iritsi zen!

2 Hebrearrei idatzitako gutuna momentu aproposean iritsi zen, kristauek garai hartan zuten bakeak ez baitzuen luze iraungo. Izan ere, handik gutxira, kristauek larrialdi baten aurrean iraun beharko zuten. Horregatik, Paulok emandako aholkuak oso lagungarriak izango ziren. Juduen sistemaren suntsipena, Jesusek aurresan bezala, iristear zegoen (Luk. 21:20). Noski, Paulok eta Judeako kristauek ez zekiten zehazki noiz gertatuko zen suntsipen hori. Hala eta guztiz ere, kristau horiek geratzen zen denbora fedea eta iraupena bezalako ezaugarriak lantzeko erabili beharko zuten (Heb. 10:25; 12:1, 2, NWT).

3. Zergatik da lagungarria hebrearrei idatzitako gutuna gaur egungo kristauontzat?

3 Hemendik gutxira, larrialdi handi bati egin behar izango diogu aurre, judu kristauek izan zutena baino askoz ere handiagoa (Mat. 24:21; Ap. 16:14, 16, NWT). Beraz, azter ditzagun Jehobak kristau haiei emandako aholku praktiko batzuk. Izan ere, aholku horiek guretzat ere oso lagungarriak dira.

«EGIN DEZAGUN AURRERA HELDUTASUNERA»

4. Zer aldaketei egin behar izan zieten aurre judu kristauek? (Ikusi irudia ere)

4 Juduak ziren kristauek aldaketa handiak egin behar izan zituzten. Garai batean, Jehobak juduak aukeratu zituen bere herria izateko. Urte askotan zehar, Jerusalem oso toki inportantea izan zen. Jehoba ordezkatzen zuen erregeak bertatik agintzen zuen eta tenplua adorazio garbiaren gunea zen. Bestalde, judu leial guztiek Moisesen Legea eta erlijioburuek irakatsitako arauak jarraitzen zituzten, hala nola, janaria, zirkunzisioa edota beste herrialdetako pertsonak tratatzeko moduari buruzko arauak. Baina Jesus hil zenetik, Jehobak tenpluan eskaintzen ziren sakrifizioak onartzeari utzi zion. Hori aldaketa handia izan zen judu kristauentzat, Legea jarraitzera ohituta zeuden eta (Heb. 10:1, 4, 10). Pedro apostolua bezalako kristau helduek ere zailtasunak izan zituzten aldaketa berrietara egokitzeko (Eg. 10:9-14; Gal. 2:11-14). Gainera, judu kristauek sinesmen berriak zituztenez, erlijioburu juduak beraien kontra joaten hasi ziren.

Kristauek egiari tinko eutsi behar zioten, judu aurkarien arrazoiketa faltsuak baztertuz (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak)


5. Zer bi talderen oposizioa jasan behar izan zuten kristauek?

5 Judu kristauek bi talderen oposizioa jasan behar izan zuten. Alde batetik, erlijioburu juduen pertsekuzioa jasan zuten erlijio judua utzi zutelako. Bestetik, kongregazioko batzuek, beharbada ez zutelako pertsekuziorik jasan nahi, kristauek Moisesen Legea betetzen jarraitu behar zutela zioten (Gal. 6:12, NWT). Zerk lagunduko zien kristau leial haiei egiari eusten?

6. Zer egitera animatu zituen Paulok anai-arrebak? (Hebrearrei 5:14–6:1, NWT)

6 Paulok hebrearrei idatzitako gutunean, anai-arrebak Biblia aztertzera eta honetan hausnartzera animatu zituen (Irakurri Hebrearrei 5:14-6:1, NWT a). Idazki Hebrearrak erabiliz, kristauek Jehoba adoratzeko zuten modua juduek zutena baino askoz hobea zela azaldu zuen. b Gainera, Idazkietako egia hobeto ezagutu eta ulertzera animatu zituen. Era horretara, kristau horiek irakaspen faltsuak identifikatu eta baztertu ahal izango zituzten.

7. Zeri egin behar diogu aurre?

7 Judu kristauen antzera, guk ere Jehobaren arau zuzenen kontra doazen ideiei eta arrazoiketei aurre egin behar diegu. Batzuek Jehobaren lekukoak oker gaudela esaten dute, Biblian oinarritutako moraltasunari buruzko arauak obeditzen ditugulako. Eta intoleranteak eta krudelak garela diote, Jehobaren arauak betetzen ez dituenak Jehobaren lekuko izateari utzi behar diolako. Izan ere, mundu honetako pentsaera Jehobaren pentsaeratik gero eta gehiago aldentzen ari da (Esa. 17:15). Gure aurkariek gu desanimatu eta egiatik aldentzea nahi dute. Horregatik da hain garrantzitsua beraien pentsaera okerrak identifikatu eta baztertzea (Heb. 13:9).

8. Zerk lagunduko digu espiritualki hazten?

8 Paulok judu kristauei espiritualki hazi behar zutela esan zien. Eta guk gauza bera egin behar dugu. Zer esan nahi du espiritualki hazteak? Biblia arretaz aztertu behar dugula Jehoba eta bere pentsaera hobeto ezagutzeko helburuarekin. Hori bataiatu ondoren ere egiten jarraitu behar dugu. Izan ere, egian zenbat denbora daramagun axola gabe, denok jarraitu behar dugu Jainkoaren Hitza erregularki irakurtzen eta aztertzen (Sal. 1:2). Biblia erregularki aztertzeak gure fedea sendotzen lagunduko digu. Ezaugarri horixe bera izan zen Paulok hebrearrei idatzitako gutunean azpimarratu zuena (Heb. 11:1, 6).

FEDEA IZAN BIZIRIK ATERATZEKO

9. Zergatik izan beharko zuten fede sendoa judu kristauek?

9 Judu kristauek fede sendoa behar izango zuten Judean gertatuko zen larrialditik bizirik atera ahal izateko (Heb. 10:37-39, NWT). Jesusek bere dizipuluei honakoa esan zien: Jerusalem akanpatutako armadez inguraturik ikustean, mendietara ihes egin beharko zutela. Aholku hori kristau guztientzat zen, Jerusalem hirian edo Judeako landa eremuan bizi ziren axola gabe (Luk. 21:20-24). Baina garai hartan, gudaroste batek eraso egiten zuenean, landa eremuetan bizi zirenek, normalean, hirietara jotzen zuten harresien babesaren bila. Beraz, mendietara ihes egiteak zentzurik ez zuela eman zezakeen. Horregatik, fede handia behar izango zuten Jesusek esandakoa obeditzeko.

10. Zer egitera bultzatuta sentituko ziren kristauak fede sendoa bazuten? (Hebrearrei 13:17, NWT)

10 Gainera, judu kristauek kongregazioa gidatzen ari ziren gizonengan jarri behar izango zuten konfiantza. Aurrea hartzen ari zirenek ziurrenik jarraibide zehatzak eman zituzten noiz eta nola ihes egitearen inguruan (Irakurri Hebrearrei 13:17, NWT c). Hebrearrei 13:17​an aipatzen den «obeditu» bezala itzulitako hitz grekoak ondorengo ideia du barne: obeditzera bultzatuta sentitzea jarraibideak ematen dituen pertsonarengan konfiantza izateagatik. Honek norbaitek gida emateko autoritatea jaso duelako soilik obeditzea baino gehiago esan nahi du. Beraz, larrialdia iritsi aurretik, judu kristauek adindunengan eta beraien gidan konfiantza izaten ikasi beharko zuten. Kristauek adindunei bake garaian obeditzen bazieten, errazagoa egingo zitzaien garai zailetan beraien gida jarraitzea.

11. Zergatik da ezinbestekoa kristauontzat gaur egun ere fede sendoa izatea?

11 Judu kristau haiek bezala, guk ere fedea izan behar dugu. Gaur egungo jende gehienak ez du sistema honen amaiera iristear dagoela sinesten. Batzuek barre eta guzti egiten dute guk hori sinesteagatik (2 Ped. 3:3, 4). Bestalde, Bibliak larrialdi handiaren inguruan detaile asko ematen dituen arren, badaude ezagutzen ez ditugun beste hainbat gauza. Horregatik, fede sendoa behar dugu sistema honen amaiera garaiz iritsiko dela sinesteko, baita Jehoba gutaz arduratuko den konfiantza izateko ere (Hab. 2:3).

12. Zerk lagunduko digu larrialdi handitik bizirik ateratzen?

12 Gaur egun, Jehobak «morroi leial eta zentzuduna» erabiltzen du gida emateko. Beraz, morroiarengan dugun fedea sendotu behar dugu (Mat. 24:45). Erromatarrek Jerusalem inguratu zutenean, judu kristauek beraien bizitza salbatzeko jarraibideak jaso zituzten. Antzera, larrialdi handia iristen denean, baliteke guk ere bizirik ateratzeko jarraibide zehatzak jasotzea. Beraz, ez badugu aurrea hartzen dutenen gida orain jarraitzen, zaila egingo zaigu larrialdi handian zehar jasoko ditugun jarraibideak obeditzea.

13. Zergatik izan zen egokia Hebrearrei 13:5​eko aholkua?

13 Bestalde, ihes egiteko abisuaren esperoan zeudela, judu kristauek bizimodu sinplea izan behar zuten, «diru-gose» izatea baztertuz (Irakurri Hebrearrei 13:5). Horietako batzuek, garai batean goseteari eta pobreziari egin behar izan zieten aurre (Heb. 10:32-34). Garai horretan, euren sinesmen berriengatik zailtasunen aurrean irauteko prest egon ziren. Hala ere, horren ondoren, batzuk agian ondasunak izatea euren babeserako ezinbestekoa izango zela pentsatzen hasi ziren. Baina munduko diru guztia izateak ere, ez zituen Jerusalemeko suntsipenetik babestuko (St. 5:3). Izan ere, gauza materialak maite zituenarentzat zailagoa izango zen ihes egitea, bere etxea eta ondasunak atzean utziz.

14. Zer eragin izan dezake fede sendoa izateak ondasunen inguruan hartzen ditugun erabakietan?

14 Jehobak mundu gaizto hau laster suntsituko duela bene-benetan sinesten badugu, guk ere gauza materialen atzetik ibiltzea baztertuko dugu. Larrialdi handian zehar, diruak ez du ezer balioko. Bibliak dioen moduan, pertsonek «zilarra kalera botako dute», eta «ez urreak, ez zilarrak, ez ditu libratuko Jaunaren sumin-egunean» (Eze. 7:19). Beraz, ahal dugun diru gehien irabaztean zentratu beharrean, bizimodu sinple eta aldi berean orekatsua izaten lagunduko diguten erabakiak hartu behar ditugu. Ez litzateke zentzuzkoa izango beharrezkoak ez diren zorretan sartzea, ezta ditugun gauza materialak mantentzen denbora asko pasatzea ere. Horretaz gain, kontuz ibili behar dugu ondasunak gure bizitzako gauzarik inportanteenak bihurtu ez daitezen (Mat. 6:19, 24). Sistema honen amaiera gero eta gertuago dagoela jakinda, zertan jarriko dugu gure konfiantza, Jehobarengan ala gure gauza materialetan?

«IRAUPENA BEHAR DUZUE»

15. Zergatik behar izan zuten iraupena judu kristauek?

15 Judeako egoera okertzen joango zenez, bertako kristauek proben aurrean iraun beharko zuten (Heb. 10:36). Judu kristau batzuek iraganean pertsekuzio latza jasan izan zuten; beste askok, aldiz, ez. Edonola ere, Paulok pertsekuzio gehiago jasateko prest egon behar zutela esan zien. Gainera, Jesus bezala hil arte leial iraun beharko zuten agian (Heb. 12:4). Hala ere, kristautasuna zabaltzen ari zenez, judu aurkariak gero eta fanatikoagoak eta biolentoagoak izaten hasi ziren. Hebrearrei gutuna idatzi baino urte gutxi batzuk lehenago, judu talde batek Paulo erasotu zuen Jerusalemen predikatzen ari zela. 40 judu baino gehiagok «Paulo hil arte ez zutela ez jango eta ez edango zin egin zuten» (Eg. 22:22; 23:12-14). Gorrotoa eta pertsekuzio bortitza jasan arren, kristau horiek Jehoba adoratzeko elkartu, berri onak predikatu eta euren fedea sendo mantentzen jarraitu beharko zuten.

16. Nola laguntzen digu hebrearrei idatzitako gutunak pertsekuzioaren aurrean irauten? (Hebrearrei 12:7)

16 Zerk lagunduko zien judu kristauei oposizioaren aurrean irauten? Proben aurrean irauteak dakartzan bedeinkapenetan pentsatzeak. Horregatik, Paulok honakoa azaldu zien: kristau batek proba bat sufritzen zuenean, Jainkoak proba hori erabili zezakeela bera trebatzeko (Irakurri Hebrearrei 12:7, NWT d). Trebakuntza horrek ezaugarri kristauak lantzen eta hobetzen lagundu ahal zien. Beraz, proba horiek ekartzen zituzten bedeinkapenetan zentratzen baziren, judu kristauei errazagoa egingo zitzaien irautea (Heb. 12:11).

17. Zer ikasi zuen Paulok pertsekuzioaren aurrean irautearen inguruan?

17 Paulok proben aurrean ausartak izateko eta amorerik ez emateko esan zien judu kristauei. Berak pertsekuzioaren aurrean irautearen inguruan aholku onak eman ahal zituen. Alde batetik, kristaua izan aurretik, kristauak pertsegitu izan zituen, eta bazekien zein gaizki tratatu zituzten. Bestetik, kristau izatera iritsi ondoren, pertsekuzioa jasan zuen eta, beraz, bazekien nola iraun horren aurrean (2 Ko. 11:23-25). Hortaz, Paulok ondo zekien zer behar zen irauteko. Horregatik, honakoa gogorarazi zien kristau haiei: proben aurrean irautean, konfiantza Jehobarengan jarri behar zutela, eta ez beraien indarretan. Horri esker lortu zuen Paulok ausardia eta, ondorioz, honakoa esan ahal izan zuen: «Jauna dut neure alde, ez naiz beldur» (Heb. 13:6).

18. Zer gertatuko zaigu denoi etorkizunean, eta nola prestatu gaitezke orain?

18 Gaur egun, anai-arreba batzuk pertsekuzioa jasaten ari dira. Nola lagundu ahal diegu? Beraien alde otoitz eginez eta, ahal bada, laguntza praktikoa emanez (Heb. 10:33). Hala ere, Bibliak honakoa ere azaltzen du: «Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak» (2 Tim. 3:12). Arrazoi horregatik, denok prestatu behar dugu datorrenerako. Beraz, jarrai dezagun Jehobarengan konfiantza osoa izaten. Horrela, berak edozein zailtasunaren aurrean irauten lagunduko digun ziurtasuna izango dugu. Garaia iristean, bere zerbitzari leial guztiak salbatuko ditu (2 Tes. 1:7, 8).

19. Zer egin dezakegu larrialdi handirako prestatzeko? (Ikusi irudia ere)

19 Dudarik gabe, Paulok hebrearrei idatzitako gutuna oso lagungarria izan zen beraientzat. Izan ere, garai hartan iristear zegoen larrialdirako prestatu zituen. Paulok Jainkoaren Hitza arretaz aztertu eta hobeto ulertu behar zutela esan zien. Horrela, beraien fedea ahuldu zezaketen irakaspenak identifikatu eta baztertu ahal izango zituzten. Beraien fedea sendotzera ere animatu zituen. Era horretara, Jesusen eta kongregazioan aurrea hartzen ari zirenen gida jarraitzeko prest egongo ziren. Gainera, probak Jehobaren trebakuntza jasotzeko aukera bat bezala ikusi behar zituztela esan zien. Hori gogoan izateak proben aurrean irauten lagunduko zien. Beraz, saiatu gaitezen gu ere aholku horiek praktikan jartzen. Hala egiten badugu, azkenera arte leial irautea lortuko dugu (Heb. 3:14, NWT).

Kristau leialek bedeinkapenak jaso zituzten irauteagatik. Judeatik ihes egin ondoren, biltzen jarraitu zuten. Zer ikasten dugu beraien eredutik? (Ikusi 19. paragrafoa)

sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu

a Hebrearrei 5:14-6:1, NWT: «Baina janari sendoa pertsona helduentzat da, erabileraren bidez ona eta txarra bereizteko gaitasuna entrenatu dutenentzat. Beraz, Kristoren oinarrizko irakaspenak atzean utzi ditugunez, egin dezagun aurrera heldutasunera oinarria berriro jarri gabe, hala nola hilik dauden ekintzen damua, Jainkoarengan fedea».

b Lehenengo kapituluan soilik, Paulok, gutxienez, Idazki Hebrearretako zazpi pasarte aipatzen ditu, honakoa frogatzeko: kristauen adoratzeko modua juduen adoratzeko modua baino hobea dela (Heb. 1:5-13).

c Hebrearrei 13:17, NWT: «Obeditu zuen artean aurrea hartzen dutenei eta erakutsi sumisioa, zuetaz arduratzen ari baitira eta kontuak eman beharko dituzte honengatik. Horrela, pozik egingo dute hau, eta ez hasperenka, hau zuentzat kaltegarria izango litzateke eta».

d Hebrearrei 12:7, NWT: «Iraun behar duzue, zuen diziplinaren parte baita. Jainkoak seme bezala tratatzen zaituzte. Izan ere, zein semek ez du bere aitaren diziplina jasotzen?».