Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Otoitza: Entzun eta erantzungo al ditu Jainkoak gure otoitzak?

Otoitza: Entzun eta erantzungo al ditu Jainkoak gure otoitzak?

DUDARIK gabe, jendearengan jakinmina pizten duen galderetariko bat da hau. Bibliak Jehobak otoitzak entzuten dituela erakusten du. Baina, gureak entzun ditzan edo ez, neurri handi batean, gure eskutan dago.

Jesusek bere garaiko erlijioburuak salatu zituen itxurakeriaz otoitz egiten zutelako. Euren ardura bakarra beraien erlijiotasuna erakustea zen. Honakoa esan zuen Jesusek gizon hauei buruz: «Hartua dute beren ordaina». Zer esan nahi zuen hitz hauekin? Nahi zutena bakarrik jasoko zutela, hau da, jendearen arreta. Izan ere, ez zitzaien axola Jainkoak beraien otoitzak entzuten zizkien edo ez (Mateo 6:5). Gaur egun ere, askok beraiengan pentsatuz egiten dute otoitz Jainkoarengan pentsatu beharrean. Eta, noski, aurretik aztertu ditugun biblia-printzipioak jarraitzen ez dituztenez, Jainkoak ez die entzuten.

Eta zer esan dezakegu gutako bakoitzari buruz? Entzun eta erantzungo al ditu Jainkoak gure otoitzak? Jainkoak entzun eta erantzutea ez dago gure arraza, nazionalitate edo maila sozialaren baitan. Bibliak honakoa ziurtatzen digu: «Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan» (Eginak 10:34, 35). Jainkoari «begirune» dionak estimu handia dio eta ez du nahigabetuko duen ezer egin nahi. Eta «beraren nahia betetzen» duenak Jainkoarentzat zuzena dena egiten du, bere nahia edo beste gizakiena egin beharrean. Nahi al duzu Jainkoak zure otoitzak entzutea? Bibliak helburu hori lortzen lagunduko dizu.

Noski, Jainkoak otoitzak mirari baten bidez erantzutea nahi dute askok. Baina, antzina ere, gutxitan erantzuten zuen horrela. Batzuetan mendeak pasa ziren mirari batetik bestera. Gainera, Bibliaren arabera, apostoluak hil zirenean mirarien garaia amaitu egin zen (1 Korintoarrei 13:8-10). Orduan, esan nahi al du honek Jainkoak gaur egun ez dituela otoitzak erantzuten? Ez, noski! Azter ditzagun nola erantzuten dituen otoitz batzuk.

Jakinduria emanez. Jehoba benetako jakinduriaren goreneko Iturria da. Eskuzabaltasunez ematen die bere gida bilatu eta jarraitzen dutenei (Santiago 1:5).

Espiritu santua emanez. Espiritu santua Jainkoaren indar eraginkorra da; ez dago indar handiagorik. Arazoak ditugunean irauten laguntzen digu eta bakea ere ematen digu. Gainera, ezaugarri polit eta erakargarriak garatzen laguntzen digu (Galaziarrei 5:22, 23). Jainkoak opari hau eskuzabaltasunez ematen duela ziurtatu zien Jesusek bere jarraitzaileei (Lukas 11:13).

Egiaren bila dabiltzanei ezaguera emanez (Eginak 17:26, 27). Munduan zehar, zintzoa den jende asko dabil egiaren bila. Jainkoa ezagutu nahi dute: bere izena, lurra eta gizadiarentzat duen helburua, eta berarengana hurbiltzeko modua (Santiago 4:8). Jehobaren lekukoek askotan aurkitzen dituzte horrelakoak diren pertsonak eta pozik erantzuten dizkiete beraien galderak Biblia erabiliz.

Horregatik ari al zara aldizkari hau irakurtzen? Jainkoaren bila ari al zara? Hala bada, baliteke hau zure otoitzen erantzuna izatea.