Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

Biblia erabili zuten nire galdera guztiak erantzuteko

Biblia erabili zuten nire galdera guztiak erantzuteko
  • JAIOTZE-URTEA: 1950

  • JATORRIZKO HERRIALDEA: ESPAINIA

  • HISTORIA: MOJA KATOLIKOA

NIRE IRAGANA

Jaio nintzenean nire gurasoek baserri bat zuten Galizian, Espainiako ipar-mendebaldean. Zortzi seme-alabetatik laugarrena nintzen eta oso giro polita genuen etxean. Garai horretan, Espainian ohikoa zen gutxienez seme-alabetako bat seminario edo komentu batera joatea. Gure familian gutako hiruk bide hori hartu genuen.

Hamahiru urte nituela, nire ahizpa zegoen Madrilgo komentuan sartu nintzen. Bertako giroa oso hotza zen. Ezin genuen lagunik izan. Horren ordez, arauak bete behar genituen, otoitz egiten genuen eta bizimodu zorrotza genuen. Goizean goiz Jainkoari buruz hausnartzeko biltzen ginen, nahiz eta askotan ezin nuen ezertan pentsatu. Geroxeago, kanta erlijiosoak abestu eta meza egiten genuen, dena latinez. Ez nuen ia ezer ulertzen eta Jainkoa niregandik oso urrun zegoela sentitzen nuen. Ez ziguten hitz egiten uzten. Ahizpa eta biok aurkitzen baginen, soilik «Ave María purísima» esan genezakeen. Otorduak eta gero, ordu erdi bat bakarrik genuen hitz egiteko. Zein desberdina zen nire familian genuen giro zoriontsua! Bakarrik sentitzen nintzen eta askotan negarrez amaitzen nuen.

Nahiz eta Jainkoarengandik urrun sentitu, hamazazpi urterekin moja egin nintzen. Niregandik espero zutena egiten nuen, baina denbora gutxira, Jainkoak moja izateko aukeratu ote ninduen zalantzan jartzen hasi nintzen. Mojek esaten zuten zalantza horiek zituztenak infernura joaten zirela, baina nik zalantzak izaten jarraitzen nuen. Banekien Jesu Kristo ez zela jendearengandik aldenduta bizi. Besteei irakasten eta laguntzen lanpetuta ibili zen (Mateo 4:23-25). Hogei urte nituela ez nuen pisuzko arrazoirik moja izaten jarraitzeko. Mojaburuak esan zidan zalantzak baldin banituen, hoberena komentua lehenbailehen uztea zela. Uste dut besteengan zalantzak sortuko nituen beldur zela. Beraz, komentua utzi nuen.

Etxera bueltatu nintzenean, nire gurasoak oso ulerkorrak izan ziren. Baina nire herrian lanik ez zegoenez Alemaniara joan nintzen, nire anaietako bat bertan bizi zelako. Nire anaia talde komunista baten parte zen. Talde hau Espainiatik etorri ziren pertsonez osatuta zegoen. Beraien artean eroso sentitzen nintzen, langileen eskubideen eta emakumeen berdintasunaren alde borroka egiten zutelako. Beraz, komunista egin nintzen eta denborarekin taldeko kide batekin ezkondu nintzen. Propaganda komunista banatu eta protesta egitera joaten nintzen beraiekin. Erabilgarria sentitzen nintzen.

Hala ere, denborarekin, berriro desanimatu nintzen. Komunistek irakasten zutena askotan betetzen ez zutela sentitu nuen. 1971⁠n nire zalantzak handitu egin ziren, gure taldeko kide gazte batzuek Frankfurten zegoen Espainiako kontsulatua erre zutenean. Espainiako diktaduraren aurka protesta egiteko egin zuten, baina hori haserrea adierazteko bide okerra zela pentsatu nuen.

Nire lehen semea jaio zenean, komunisten bileretara joateari utziko niola aipatu nion senarrari. Bakarrik sentitu nintzen, nire lagunetako inor ez zelako ni eta nire semea bisitatzera etorri. Bizitzaren helburua zein zen galdetzen nion neure buruari. Benetan merezi zuen gizartea hobetzeko esfortzuak egitea?

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

1976⁠an Espainiako bi Lekukok nire atea jo zuten eta Bibliako argitalpen batzuk eskaini zizkidaten, eta onartu egin nituen. Bueltatu zirenean, sufrimendua eta injustiziari buruzko galdera pila bat egiten hasi nintzen, bata bestearen atzetik. Asko harritu nintzen nire galdera guztiak erantzuteko Biblia erabili zutenean. Segituan biblia-ikastaro bat onartu nuen.

Hasieran gehiago jakiteagatik egiten nuen. Baina gauzak aldatu egin ziren senarra eta biok Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi ginenean. Ordurako bi seme genituen. Lekukoek bilera-aretora eramaten gintuzten eta gure haurretaz arduratzen ziren bileran zehar. Lekuko horiek asko maitatzera iritsi nintzen.

Hala ere, erlijioari buruzko zalantzak izaten jarraitzen nuen. Familia bisitatzera joan nintzen Espainiara. Nire osaba apaiza zen eta Biblia ikasteari uzteko esan zidan, baina bertako Lekukoek asko lagundu zidaten. Nire zalantza guztiak Bibliarekin erantzun zituzten, Alemaniako Lekukoek egin zuten bezala. Alemaniara bueltatu nintzenean nire biblia-ikastaroarekin jarraitzea erabaki nuen. Nahiz eta senarrak Biblia ikasteari utzi, nik jarraitu egin nuen. 1978⁠an Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.

NIRE ONERAKO IZAN DA

Bibliako egiak ezagutzeak zentzua eta helburua eman dio nire bizitzari. Adibidez, 1 Pedro 3:1-4⁠ko hitzek emazteoi senarren menpeko izatera, beraiekin errespetuz jokatzera eta espiritu baketsua izatera animatzen digu, «honek balio baitu Jainkoaren aurrean». Honelako printzipioek emazte eta ama on bat izaten lagundu didate.

35 urte pasa dira Lekuko egin nintzenetik. Oso pozik sentitzen naiz Jainkoa zerbitzatzen dudalako, mundu-mailako familia baten parte naizelako eta nire bost seme-alabetatik lau Jehobaren lekuko direlako.