Eginak 25:1-27

  • Pauloren epaiketa Festoren aurrean (1-12)

    • «Zesarrengana apelatzen dut!» (11)

  • Festo Agripa erregearen aholku bila (13-22)

  • Paulo Agriparen aurrean (23-27)

25  Probintziara iritsi, kargua hartu eta hiru egunera, Festo Zesareatik Jerusalemera igo zen. 2  Han, apaizburuek eta juduen arteko gizon inportanteek Pauloren aurkako salaketak aurkeztu zizkioten. Orduan, Festori erreguka, 3  Paulo Jerusalemera bidaltzeko mesedea eskatu zioten. Baina beraien asmoa Paulo bidean harrapatzea eta hiltzea zen. 4  Festok, ordea, Paulok Zesarean preso jarraitu behar zuela erantzun zien. Gainera, bera ere laster itzuliko zela esan zien. 5  «Beraz, zuen artean autoritatea duzuenok», esan zuen, «jaitsi nirekin eta gizon honek benetan gauza txarren bat egin badu, egin ezazue beraren aurkako salaketa». 6  Festok Jerusalemen zortzi edo hamar bat egun besterik ez zuen egin. Orduan, Zesareara jaitsi zen. Hurrengo egunean, epaitegian eseri eta Paulo ekartzeko agindu zuen. 7  Paulo han sartu zenean, Jerusalemetik jaitsitako juduak bere inguruan jarri ziren, eta frogatu ezin zituzten salaketa gogor asko aurkeztu zituzten. 8  Paulok, berriz, bere burua defendatzeko esan zuen: «Ez dut bekaturik egin, ez juduen Legearen kontra, ez tenpluaren kontra, ezta Zesarren kontra ere». 9  Festok juduekin ondo geratu nahi zuenez, Paulori erantzun zion: «Nahi al duzu Jerusalemera igo eta salaketa hauengatik nire aurrean epaitua izan?». 10  Baina Paulok esan zion: «Zesarren epaitegiaren aurrean nago, eta hemen izan behar dut epaitua. Zu zeu konturatzen ari zara ez diedala ezer txarrik egin juduei. 11  Benetan gaizkilea banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez naiz heriotzaz libratzeko erreguka hasiko. Baina gizon hauek leporatzen dizkidaten salaketek oinarririk ez badute, inork ez du beraiei mesede bat egiteko ni entregatzeko* eskubiderik. Zesarrengana apelatzen dut!». 12  Orduan, Festok, bere aholkulari taldearekin hitz egin ondoren, erantzun zion: «Zesarrengana apelatu duzu; Zesarrengana joango zara». 13  Handik egun batzuetara, Agripa erregea eta Berenize Zesareara iritsi ziren Festo agurtzera. 14  Egun batzuk eman zituzten han, eta Festok erregeari Pauloren kasua azaldu zion, esanez: «Felixek preso utzitako gizon bat daukat hemen 15  eta, Jerusalemen nengoenean, apaizburuek eta juduen adindunek bere aurkako salaketak aurkeztu zizkidaten kondenatzeko eskatuz. 16  Baina nik erantzun nien: “Erromatar legearen arabera, ezin zaio inori akusatua entregatzeko* mesedea egin, salatzaileen aurrean bere burua defendatzeko aukerarik eman gabe”. 17  Beraz, hona etorri zirenean, hurrengo egunean bertan, epaitegian eseri nintzen eta gizona nire aurrera ekartzeko agindu nuen. 18  Baina salatzaileak aurkeztu zirenean, ez zizkioten nik espero nituen delituak leporatu. 19  Beraien erlijioari* buruzko eztabaidak besterik ez zituzten; Jesus izeneko gizon bati buruzkoak ziren. Hilda zegoen, baina Paulok bizirik zegoela ziurtatzen zuen. 20  Nik ez nekien gatazka hau nola konpondu. Beraz, Jerusalemera joan nahi ote zuen galdetu nion, bere kasua han epaitu zezaten. 21  Baina Paulok enperadorearen* erabakiaren zain preso uzteko eskatu zuenez, Zesarrengana bidali arte atxilotuta mantentzeko agindu nuen». 22  Orduan, Agripak esan zion Festori: «Nik ere entzun nahiko nioke gizon horri». Festok erantzun zion: «Bihar entzungo diozu». 23  Hurrengo egunean, Agripa eta Berenize sekulako handikeria erakutsiz iritsi ziren eta, komandante militarrekin eta hiriko gizon inportanteekin batera, audientzia gelan sartu ziren; eta Festok agindua eman zuenean, bere aurrera ekarri zuten Paulo. 24  Orduan, Festok esan zuen: «Agripa erregea eta gurekin zaudeten beste guztiak: Hemen duzue gizona. Judu guztiek, bai Jerusalemen eta bai hemen, gizon hau bizirik ez uzteko eskatu didate oihuka. 25  Baina heriotza merezi duen ezer ez duela egin konturatu nintzen. Horregatik, enperadorearengana apelatu zuenean, bidaltzea erabaki nuen. 26  Baina ez dut gizon honi buruz nire Jaunari idazteko ezer zehatzik. Horregatik ekartzen dut zuen guztion aurrera eta, bereziki, zure aurrera, Agripa erregea, galdeketa egin ondoren idazteko zerbait izan dezadan. 27  Izan ere, zentzugabea iruditzen zait preso bat bidaltzea zer leporatzen zaion zehaztu gabe».

Oharra

Edo «ni haien eskuetan uzteko».
Edo «akusatua salatzaileen esku uzteko».
Edo «jainkoaren adorazioari».
Edo «Augustoren». Agintean zegoen enperadorearen titulua zen; une hartan Neron zen.