Joan 16:1-33

  • Jesusen dizipuluek heriotzari aurre egingo diote agian (1-4a)

  • Espiritu santuak egingo duena (4b-16)

  • Dizipuluen tristura poz bihurtuko da (17-24)

  • «Nik mundua garaitu dut» (25-33)

16  «Gauza hauek esan dizkizuet fedea galdu* ez dezazuen. 2  Sinagogatik kanporatuko zaituztete. Izan ere, badator hiltzen zaituztetenek Jainkoari zerbitzu sakratua ematen ari direla pentsatuko duten ordua. 3  Baina gauza hauek egingo dituzte ez direlako ez Aita, ez ni ezagutzera iritsi. 4  Gauza hauek esan dizkizuet, gertatuko diren ordua iristen denean, esan dizkizuedala gogoratu dezazuen. «Gauza hauek ez nizkizuen hasieran esan ni zuekin nengoelako. 5  Baina, orain, bidali nauenarengana noa eta, hala ere, zuetako inork ez dit galdetzen: “Nora zoaz?”. 6  Baina gauza hauek esan dizkizuedanez, bihotza tristuraz bete zaizue. 7  Baina egia esaten dizuet: ni joatea zuen onerako da. Zeren ez banaiz joaten, laguntzailea ez da zuengana etorriko; baina joaten banaiz, bidali egingo dizuet. 8  Eta etortzen denean, munduari froga argiak emango dizkio bekatuari, justiziari eta epaiketari buruz. 9  Lehenengo, bekatuari buruz, zeren ez dute nigan federik erakusten; 10  gero, justiziari buruz, zeren Aitarengana noa eta ez nauzue gehiago ikusiko; 11  eta azkenik, epaiketari buruz, zeren mundu honetako agintaria epaitua izan da. 12  «Gauza asko dauzkat oraindik zuei esateko, baina orain gehiegi izango litzateke zuentzat. 13  Hala ere, hura* —egiaren espiritua— etortzen denean, egia osora gidatuko zaituzte, zeren ez du bere kabuz hitz egingo, baizik eta entzuten duena esango du, eta gertatuko diren gauzen berri emango dizue. 14  Hark aintza emango dit, zeren nigandik entzuten duena jasoko du eta horren berri emango dizue. 15  Aitak dituen gauza guztiak nireak ere badira. Horregatik esan dizuet laguntzaileak nigandik entzuten duena jaso eta horren berri ematen dizuela. 16  Hemendik gutxira ez nauzue gehiago ikusiko eta, berriro ere, hemendik gutxira ikusiko nauzue». 17  Orduan, dizipuluetako batzuek elkarri esan zioten: «Zer esan nahi digu “hemendik gutxira ez nauzue gehiago ikusiko eta, berriro ere, hemendik gutxira ikusiko nauzue” eta “Aitarengana noa” esatean?». 18  Esaten zuten: «Zer esan nahi du “hemendik gutxira” horrekin? Ez dakigu zertaz ari den». 19  Jesusek, galderak egin nahi zizkiotela bazekienez, esan zien: «Batak besteari galderak egiten ari zarete hau esan dudalako: “Hemendik gutxira ez nauzue gehiago ikusiko eta, berriro ere, hemendik gutxira ikusiko nauzue”? 20  Bene-benetan esaten dizuet: negar eta aiene egingo duzue, baina mundua poztu egingo da; triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bihurtuko da. 21  Emakume bat erditzen ari denean, triste dago minen ordua iritsi delako. Baina haurra jaio ondoren, ez du bere sufrimendua gogoratzen, baizik eta pozik dago mundura haur bat ekarri duelako. 22  Zuek ere orain triste zaudete, baina berriro ikusiko zaituztet, eta zuen bihotza poz-pozik egongo da, eta inork ezingo dizue poza kendu. 23  Egun horretan ez didazue galderarik egingo. Bene-benetan esaten dizuet: Aitari edozer gauza nire izenean eskatzen badiozue, eman egingo dizue. 24  Orain arte ez duzue gauza bakar bat ere nire izenean eskatu. Eskatu eta jasoko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin. 25  «Gauza hauek konparaketa bidez esan dizkizuet. Badator konparaketa bidez gehiago hitz egingo ez dizuedan ordua, baizik eta Aitari buruz argi eta garbi hitz egingo dizuedana. 26  Egun horretan, nire izenean eskatuko diozue Aitari. Honekin ez dut esan nahi nik zuen alde eskatuko diodanik. 27  Zeren Aitak maite* zaituzte, ni maite nauzuelako eta Jainkoaren ordezkari bezala etorri naizela sinetsi duzuelako. 28  Mundura Aitaren ordezkari bezala etorri nintzen. Orain, mundua utzi eta Aitarengana noa». 29  Dizipuluek esan zioten: «Orain bai argi hitz egin duzula, eta ez konparaketak erabiliz. 30  Orain badakigu dena dakizula eta gutako inork ez dizula galderarik egin beharrik. Honi esker sinetsi dugu Jainkoarengandik etorri zarela». 31  Jesusek erantzun zien: «Orain sinesten duzue? 32  Entzun! Badator—izan ere, iritsi da— sakabanatuak izango zareten ordua. Zuetako bakoitza bere etxera joango da eta bakarrik utziko nauzue. Baina ez nago bakarrik, Aita nirekin dago eta. 33  Gauza hauek esan dizkizuet nire bidez bakea izan dezazuen. Munduan sufrimenduak* izango dituzue, baina izan ausartak! Nik mundua garaitu dut».

Oharra

Edo «estropezu egin».
13 eta 14. bertsetetako «hura» eta «hark», 7. bertseteko «laguntzailea»-ri egiten diote erreferentzia. Jesusek «laguntzailea» (grekeraz genero maskulinoa duena) indar inpertsonala den espiritu santua (grekeraz genero neutroa duena) pertsonifikatzeko erabili zuen.
Edo «estimatzen».
Edo «larrialdiak».