Joan 6:1-71
6 Honen ondoren, Jesus Galilea edo Tiberiades itsasoaren beste alderantz abiatu zen.
2 Eta jendetza handi batek jarraitzen zion, gaixoak sendatzean egiten zituen mirariak* ikusten zituelako.
3 Beraz, Jesus mendi batera igo eta bere dizipuluekin eseri zen han.
4 Pazkoa, juduen jaia, hurbiltzen ari zen.
5 Jesusek begirada altxatzean eta jendetza handi bat beregana etortzen ari zela ikustean, Feliperi esan zion: «Non erosiko dugu ogia jende honi jaten emateko?».
6 Felipe probatu nahian esan zuen hori, zeren Jesusek ondo zekien zer egitera zihoan.
7 Felipek erantzun zion: «200 denario* ogi ez litzateke nahikoa bakoitzak pittin bat jateko ere».
8 Jesusen dizipuluetako batek, Andresek —Simon Pedroren anaiak—, esan zion:
9 «Badago hemen mutikotxo bat bost garagar ogi eta bi arrain txiki dituena. Baina zer da hori horrenbeste jenderentzat?».
10 Jesusek esan zuen: «Esan jendeari esertzeko». Leku hartan belar asko zegoenez, jendea bertan eseri zen; 5.000 bat gizon zeuden.
11 Jesusek ogia hartu eta, Jainkoari eskerrak eman ondoren, han eserita zeudenen artean banatu zuen. Gauza bera egin zuen arrain txikiekin, eta nahi izan zuten guztia jan zuten.
12 Denak bapo eginda geratu zirenean, Jesusek bere dizipuluei esan zien: «Bildu soberan geratu diren zatiak; horrela, ez da ezer alferrik galduko».
13 Beraz, bildu zituzten, eta bost garagar ogietatik jan zutenen artetik 12 saski bete zituzten soberan geratu zenarekin.
14 Jendea, Jesusek egindako miraria ikustean, esaten hasi zen: «Argi dago hau dela mundura etorri behar zen Profeta».
15 Jesusek, ordea, bazekien bere bila etortzeko zorian zeudela indarrez eramateko eta errege izendatzeko asmoz. Horregatik, mendira alde egin zuen bakar-bakarrik.
16 Iluntzean, dizipuluak itsasora jaitsi ziren.
17 Txalupara igo eta Kapernaumerantz hasi ziren itsasoa zeharkatzen. Dagoeneko ilun zegoen, eta Jesus ez zen oraindik beraiekin bildu.
18 Gainera, haizea gogor jotzen ari zenez, itsasoa zakartzen hasi zen.
19 Bospasei kilometro* arraunean egin ondoren, Jesus ikusi zuten itsaso gainean ibiltzen eta txalupara hurbiltzen, eta beldurtu egin ziren.
20 Baina Jesusek esan zien: «Ni naiz; ez beldurrik izan!».
21 Orduan, pozik hartu zuten txalupan eta, handik gutxira, joan nahi zuten tokira iritsi zen txalupa.
22 Hurrengo egunean, itsasoaren beste aldean geratutako jendetza bertan txaluparik ez zegoela konturatu zen. Aurretik txalupa txiki bat egon zen han, baina Jesus ez zen bere dizipuluekin txalupa hartara igo; dizipuluak bakarrik joan ziren.
23 Orduan, Tiberiadeseko txalupa batzuk, Jaunak Jainkoari eskerrak eman ondoren ogia jan zuten toki ingurura iritsi ziren.
24 Jesus eta bere dizipuluak han ez zeudela konturatzean, jendetza txalupetara igo eta Kapernaumera joan zen Jesusen bila.
25 Itsasoaren beste aldean aurkitu zutenean, galdetu zioten: «Rabbi, noiz iritsi zara hona?».
26 Jesusek erantzun zien: «Bene-benetan esaten dizuet: nire bila zabiltzate, ez mirariak ikusi dituzuelako, baizik eta ogietatik jan eta bapo eginda geratu zaretelako.
27 Lan egin, ez hondatzen den janaria lortzeko, baizik eta irauten duen eta betirako bizira eramaten duen janaria lortzeko. Gizonaren Semeak emango dizue janari hau, Aitak —Jainkoak berak— jarri baitio berari aprobazioaren zigilua».
28 Beraz, galdetu zioten: «Zer egin behar dugu Jainkoak onartzen dituen ekintzak egiteko?».
29 Jesusek erantzun zien: «Hau da Jainkoak onartzen duen ekintza: berak bidali duenarengan zuek fedea erakustea».
30 Orduan, galdetu zioten: «Zer mirari egingo duzu guk ikusteko eta sinesteko? Zer ekintza egingo duzu?
31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, idatzita dagoen bezalaxe: “Zeruko ogia eman zien jateko”».
32 Orduan, Jesusek erantzun zien: «Bene-benetan esaten dizuet: Moisesek ez zizuen zeruko ogia eman; nire Aita da zeruko benetako ogia ematen dizuena.
33 Zeren Jainkoaren ogia zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da».
34 Beraz, esan zioten: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik».
35 Jesusek esan zien: «Ni naiz biziaren ogia. Nigana etortzen dena ez da sekula berriro gose izango, eta nigan fedea erakusten duena ez da sekula berriro egarri izango.
36 Baina esan dizuedan bezala, zuek ikusi nauzue eta, hala ere, ez duzue sinesten.
37 Aitak ematen dizkidan guztiak nigana etorriko dira, eta nigana etortzen dena ez dut inoiz baztertuko.
38 Zeren zerutik jaitsi naiz, ez nire nahia egitera, bidali nauenaren nahia egitera baizik.
39 Hau da bidali nauenaren nahia: eman dizkidan guztietatik nik bakar bat ere ez galtzea, azken egunean beraiek berpiztea baizik.
40 Zeren hau da nire Aitaren nahia: Semea onartu eta berarengan fedea erakusten duen edonork betirako bizia izatea, eta nik berpiztuko dut azken egunean».
41 Orduan, juduak Jesusi buruz marmarka hasi ziren «ni naiz zerutik jaitsi den ogia» esan zuelako.
42 Eta hasi ziren esaten: «Ez al da hau Jesus, Joseren semea? Ez al ditugu bere aita eta ama ezagutzen? Nolatan, ba, esaten du orain “zerutik jaitsi naiz”?».
43 Hau ikustean, Jesusek esan zien: «Utzi zuen artean marmarka aritzeari.
44 Inork ezin du nigana etorri Aitak —bidali nauenak— erakartzen ez badu, eta nik berpiztuko dut azken egunean.
45 Profetetan idatzia dago: “Jehobak denei irakatsiko die”. Aitari entzun eta berarengandik ikasten duten guztiak nigana etortzen dira.
46 Horrek ez du esan nahi norbaitek Aita ikusi duenik; Aita ikusi duen bakarra Jainkoarengandik datorrena da.
47 Bene-benetan esaten dizuet: sinesten duenak betirako bizia izango du.
48 «Ni naiz biziaren ogia.
49 Zuen arbasoek mana jan zuten basamortuan eta, hala ere, hil egin ziren.
50 Hau da zerutik jaitsi den ogia, honetatik jaten duena hil ez dadin.
51 Ni naiz zerutik jaitsi den ogi bizia. Norbaitek ogi honetatik jaten badu, betirako biziko da. Izan ere, mundua bizi dadin emango dudan ogia nire haragia da».
52 Orduan, juduak bata bestearekin eztabaidan hasi ziren, esanez: «Nola eman ahal digu gizon honek bere haragia jateko?».
53 Beraz, Jesusek esan zien: «Bene-benetan esaten dizuet: Gizonaren Semearen haragia jaten ez baduzue eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue zuengan bizirik.
54 Nire haragia jan eta nire odola edaten duenak betirako bizia du, eta nik berpiztuko dut azken egunean.
55 Zeren nire haragia benetako janaria da eta, nire odola, benetako edaria.
56 Nire haragia jan eta nire odola edaten duenak nirekin bat eginda jarraitzen du eta, nik, berarekin bat eginda.
57 Bizirik dagoen Aitak bidali nau, eta ni Aitari esker bizi naiz. Era berean, nire haragitik jaten duena niri esker biziko da.
58 Hau da zerutik jaitsi den ogia. Ez da zuen arbasoek jan zutena bezalakoa; beraiek, azkenean, hil egin ziren. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da».
59 Jesusek gauza hauek Kapernaumeko sinagoga* batean irakasten ari zela esan zituen.
60 Hau entzutean, bere dizipuluetako askok esan zuten: «Esaten duen hau iraingarria da; nork entzun dezake?».
61 Baina Jesusek ondo zekien bere dizipuluak honi buruz marmarka ari zirela eta, horregatik, esan zien: «Oztopo bat* al da hau zuentzat?
62 Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer?
63 Bizia ematen duena espiritua da; haragiak ez du ezertarako balio. Esan dizkizuedan hitzak espiritua dira eta bizia dira.
64 Baina zuetako batzuek ez duzue sinesten». Zeren Jesusek hasieratik zekien nortzuk ziren sinesten ez zutenak eta nork traizionatuko zuen.
65 Gainera, esan zuen: «Horregatik esan dizuet inor ezin dela nigana etorri Aitak uzten ez badio».
66 Honen ondorioz, bere dizipuluetako asko lehengo gauzetara itzuli ziren, eta berarekin ibiltzeari utzi zioten.
67 Orduan, Jesusek esan zien Hamabiei: «Zuek ere ez duzue alde egin nahi, ezta?».
68 Simon Pedrok erantzun zion: «Jauna, norengana joango gara, ba? Zuk dituzu betirako biziaren hitzak.
69 Guk sinetsi egin dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua».
70 Jesusek erantzun zien: «Ez al zaituztet nik zuek Hamabiok aukeratu? Hala ere, zuetako bat kalumniatzailea* da».
71 Judasi buruz hitz egiten ari zen, Simon Iskarioteren semeari buruz, Hamabietako bat izan arren, Jesus traizionatuko baitzuen.
Oharra
^ Lit. «seinaleak».
^ Lit. «25 edo 30 estadio inguru». Estadio bat 185 metroren parekoa zen.
^ Edo agian «biltzar publiko».
^ Edo «Estropezua».
^ Edo «deabru bat».