Joan 7:1-52
7 Honen ondoren, Jesusek Galilean zehar ibiltzen jarraitu zuen. Juduak bera hiltzeko aukera baten bila ari zirenez, ez zuen Judean ibili nahi.
2 Hala ere, juduen Tabernakuluen* Jaia hurbiltzen ari zenez,
3 bere anaiek esan zioten: «Atera hemendik eta zoaz Judeara egiten dituzun ekintzak zure dizipuluek ere ikusteko.
4 Zeren norbaitek ezaguna izan nahi badu, ez du ezer sekretuan egiten. Gauza hauek egiten ari bazara, erakutsi munduari nor zaren».
5 Izan ere, bere anaiek ez zuten berarengan federik erakusten.
6 Orduan, Jesusek esan zien: «Nire garaia ez da oraindik iritsi, baina zuentzat edozein garai da ona.
7 Munduak ez du zuek gorrotatzeko arrazoirik; baina ni gorrotatzen nau, zeren nire testigantzaren bidez, munduak egiten dituen gauzak txarrak direla esaten dut.
8 Igo zuek jaira; ni ez naiz oraindik jai honetara igoko, nire garaia ez baita oraindik iritsi».
9 Hau esan ondoren, Galilean geratu zen.
10 Hala ere, bere anaiak jaira igo ondoren, bera ere igo zen, baina ez agerian, ezkutuan baizik.
11 Beraz, juduak Jesusen bila hasi ziren jaian, eta esaten zuten: «Non ote da gizon hori?».
12 Eta jendetza artean txutxu-mutxu asko zegoen Jesusi buruz. Batzuek esaten zuten: «Gizon ona da». Beste batzuek, aldiz: «Ez, jendea engainatzen du».
13 Noski, inork ez zuen Jesusi buruz besteen aurrean hitz egiten, juduen beldur baitziren.
14 Jaiaren erdia pasa zenean, Jesus tenplura igo eta irakasten hasi zen.
15 Juduak harrituta zeuden, eta esaten zuten: «Nolatan daki hainbeste gizon honek Idazkiei buruz ez badu eskoletan* ikasi?».
16 Orduan, Jesusek erantzun zien: «Irakasten dudana ez da nirea, bidali nauenarena baizik.
17 Norbaitek Jainkoaren nahia egin nahi badu, jakingo du irakasten dudana Jainkoarengandik datorren ala neure ideiak diren.
18 Norbaitek bere ideiak irakasten baditu, bere burua goretsi nahian* dabil; baina bidali duena goretsi nahian* dabilena, egiari leiala da eta berarengan ez dago injustiziarik.
19 Moisesek Legea eman zizuen, ezta? Baina zuetako inork ez du Legea obeditzen. Zergatik saiatzen zarete ni hiltzen?».
20 Jendetzak erantzun zion: «Deabru bat daukazu. Nor saiatzen da zu hiltzen?».
21 Orduan, Jesusek erantzun zien: «Gauza bakarra egin dut, eta denak harrituta geratu zarete.
22 Pentsatu honetan: Moisesek zirkunzisioa* eman zizuen —nahiz eta, berez, Moisesengandik ez etorri, arbasoengandik baizik— eta zuek larunbatez zirkunzidatzen duzue.
23 Moisesen Legea ez hausteko larunbatez zirkunzidatzen baduzue, zergatik amorratzen zarete horrenbeste nirekin larunbatez gizon bat guztiz sendatzeagatik?
24 Utzi kanpoko itxuragatik epaitzeari. Izan zuzenak epaitzean».
25 Orduan, Jerusalemeko biztanle batzuk esaten hasi ziren: «Hau da hiltzen saiatzen ari diren gizona, ezta?
26 Baina, hala ere, begira! Jendaurrean hitz egiten ari da eta ez diote ezer esaten. Benetan pentsatzen ote dute gure agintariek hau dela Kristo?
27 Guk, ordea, badakigu gizon hau nongoa den, eta Kristo datorrenean inork ez du nongoa den jakingo».
28 Orduan, tenpluan irakasten ari zela, Jesusek ahots ozenez esan zuen: «Zuek ezagutzen nauzue, eta badakizue nongoa naizen. Baina ni ez naiz neure kabuz etorri. Bidali nauena benetan existitzen da, eta zuek ez duzue ezagutzen.
29 Nik ezagutzen dut, bere ordezkaria naizelako, eta berak bidali ninduen».
30 Horregatik, bera harrapatzeko moduaren bila hasi ziren, baina inork ez zion eskurik gainean jarri, bere ordua ez baitzen oraindik iritsi.
31 Hala eta guztiz ere, han zeuden askok Jesusengan jarri zuten fedea, eta esaten zuten: «Kristo etortzen denean, ez ditu gizon honek baino mirari* gehiago egingo, ezta?».
32 Fariseuek Jesusi buruzko jendearen zurrumurruak entzun zituzten. Hori dela eta, apaizburu eta fariseuek guardiak bidali zituzten Jesus atxilotzera.
33 Orduan, Jesusek esan zion jendeari: «Pixkatxo bat gehiago egongo naiz zuekin bidali nauenarengana joan aurretik.
34 Bilatuko nauzue, baina ez nauzue aurkituko; eta ni egongo naizen tokira ezin duzue etorri».
35 Orduan, juduek esan zuten beraien artean: «Nora joateko asmoa dauka gizon honek guk bera ezin aurkitzeko? Ez du greziarren artean sakabanatutako juduengana joan eta greziarrei irakasteko asmorik izango, ezta?
36 Zer esan nahi du “bilatuko nauzue, baina ez nauzue aurkituko; eta ni egongo naizen tokira ezin duzue etorri” esatean?».
37 Azken egunean, jaiaren egun handian, Jesus zutik jarri eta ahots ozenez esan zuen: «Norbait egarri bada, nigana etorri eta edan dezala.
38 Norbaitek nigan fedea jartzen badu, “bere barru-barrutik ur biziko errekak aterako dira”, Idazkiek esaten duten bezala».
39 Hala ere, espirituari buruz esan zuen hau, berarengan fedea jartzen zutenek jasoko zuten espiritua, alegia. Zeren oraindik espiritua jaso gabe zeuden, Jesusek ez baitzuen oraindik aintza jaso.
40 Hau entzutean, jendetzaren arteko batzuk esaten hasi ziren: «Argi dago hau dela Profeta».
41 Beste batzuek esaten zuten: «Hau da Kristo». Baina beste batzuek, berriz, esaten zuten: «Kristo ez da Galileatik etorriko, ezta?
42 Ez al dute Idazkiek esaten Kristo Dabiden ondorengotzakoa izango zela eta Belenetik, Dabiden herritik, etorriko zela?».
43 Beraz, banaketa sortu zen jendearen artean.
44 Haietako batzuek atxilotu nahi zuten, baina inork ez zion gainean eskurik jarri.
45 Orduan, guardiak apaizburu eta fariseuengana itzuli zirenean, azken hauek esan zieten: «Zergatik ez duzue ekarri?».
46 Guardiek erantzun zuten: «Sekula ez du inork gizon honek bezala hitz egin».
47 Fariseuek esan zieten: «Ez zaituzte zuek ere engainatu, ezta?
48 Berarengan fedea jarri al du agintari edo fariseuen arteko baten batek?
49 Baina Legea ezagutzen ez duen jende hau jende madarikatua da».
50 Nikodemok, lehenago Jesusengana joandakoak eta fariseuen artekoa zenak, esan zien:
51 «Gure Legearen arabera, ezin dugu norbait epaitu lehenago berari entzun eta egiten ari dena ondo jakin gabe, ezta?».
52 Erantzun zioten: «Ez al zara galilearra izango zu ere? Ikertu eta ikusiko duzu Galileatik ezin dela profetarik atera».*
Oharra
^ Edo «Txabolen».
^ Hau da, errabinoen eskoletan.
^ Edo «bere buruaren aintzaren bila».
^ Edo «bidali duenaren aintzaren bila».
^ Lit. «seinale».
^ Eskuizkribu zahar eta fidagarri batzuek ez dauzkate kapitulu honetako 53. bertseta, ezta 8. kapituluko 1-11 bertsetak ere.