Markos 11:1-33
11 Jerusalemera hurbiltzen ari zirela, Oliamendin dauden Betfage eta Betaniara iristean, Jesusek bere bi dizipulu bidali zituen,
2 eta esan zien: «Joan horko herrixkara eta, sartu bezain laster, astotxo* bat aurkituko duzue lotuta, orain arte gainean inor eseri ez zaiona. Askatu eta ekarri hona.
3 Eta norbaitek “zertan ari zarete?” galdetzen badizue, erantzun: “Jaunak behar du eta segituan itzuliko du”».
4 Beraz, joan ziren eta astotxo bat aurkitu zuten lotuta ate baten ondoan, kanpoan, alboko kalean, eta askatu egin zuten.
5 Baina han zeuden batzuek galdetu zieten: «Zer ari zarete astotxoa askatzen?».
6 Dizipuluek Jesusek esandakoa esan zieten, eta joaten utzi zituzten.
7 Astotxoa Jesusi ekarri zioten eta dizipuluek beraien mantuak astotxoaren bizkarrean jarri zituzten, eta Jesus astotxoaren gainean eseri zen.
8 Askok beraien mantuak bidean zabaldu zituzten. Beste batzuek, berriz, bide bazterreko adarrak moztu zituzten.
9 Eta aurretik eta atzetik zetozenek oihukatzen zuten: «Mesedez, salbatu ezazu! Bedeinkatua Jehobaren* izenean datorrena!
10 Bedeinkatua datorren Erreinua, gure aita Dabiden Erreinua! Mesedez, salbatu ezazu, zu goi-goian zaudenak!».
11 Jerusalemen sartu ondoren, Jesus tenplura joan zen eta inguruko guztia begiratu zuen. Baina dagoeneko berandu zenez, Betaniara joan zen Hamabiekin batera.
12 Hurrengo egunean, Betaniatik ateratzen ari zirenean, Jesus gosetu egin zen.
13 Hostoak zituen pikondo bat ikusi zuen urrutitik, eta fruiturik ba ote zuen ikusteko hurbildu zen. Baina hurbiltzean, ez zuen ezer aurkitu, hostoak besterik ez, ez baitzen piku sasoia.
14 Beraz, esan zion pikondoari: «Inork ez dezala inoiz gehiago zuregandik fruiturik jan». Eta dizipuluak entzuten ari ziren.
15 Jerusalemera iritsi ondoren, Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan saltzen eta erosten zebiltzan guztiak bota zituen. Dirua trukatzen zutenen mahaiak eta usoak saltzen zituztenen eserlekuak irauli zituen.
16 Eta ez zion inori tenplua zeharkatuz gauzarik eramaten uzten.
17 Gero, irakasten hasi zitzaien, esanez: «Ez al dago idatzita: “Nire etxeari otoitz etxe deituko zaio”? Baina, zuek, lapurren kobazulo bihurtu duzue».
18 Apaizburu eta lege maisuek hori entzun zutenean, Jesus hiltzeko moduaren bila hasi ziren. Izan ere, bere beldur ziren, jendetza osoa Jesusen irakaspenekin txundituta zegoen eta.
19 Ilunabar aldera, Jesus eta bere dizipuluak hiritik atera ziren.
20 Hurrengo egunean, goizean goiz, pikondoaren ondotik pasatzean, sustraitik ihartu* zela ikusi zuten.
21 Pedrok, gertatutakoa gogoratuz, esan zion: «Rabbi, begira! Ihartuta dago zuk madarikatu zenuen pikondoa».
22 Jesusek esan zuen: «Izan fedea Jainkoarengan.
23 Benetan esaten dizuet: mendi honi “altxa eta amildu itsasora” esaten dion edonork horixe gertatzea lortuko du, baldin eta bihotzean zalantzarik ez badu eta halaxe gertatuko den fedea badu.
24 Horregatik esaten dizuet: otoitzean eskatzen dituzuen gauza guztiak, fedearekin eskatu eta jasotzat jo, eta jasoko dituzue.
25 Eta zutik otoitzean ari zaretenean, besteen aurka dituzuen gauza guztiak barkatu. Horrela, zeruan dagoen zuen Aitak ere, zuen hutsegiteak barkatuko dizkizue».
26 * ——
27 Jerusalemera heldu ziren berriro. Eta Jesus tenplutik zebilela, apaizburu, lege maisu eta adindunak etorri
28 eta esan zioten: «Zer autoritate duzu gauza horiek egiteko? Edo nork eman dizu gauza horiek egiteko autoritatea?».
29 Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet. Erantzun eta, orduan, gauza hauek egiteko autoritatea nork eman didan esango dizuet.
30 Nork eman zion Joani bataiatzeko autoritatea? Jainkoak* ala gizakiek? Erantzun».
31 Beraz, bata bestearekin arrazoitzen hasi ziren, esanez: «“Jainkoak” esaten badiogu, “orduan zergatik ez zenioten sinetsi?” esango du.
32 Baina ausartuko al gara “gizakiek” esatera?». Jendetzaren beldur ziren, denek Joan benetan profeta izan zela sinesten baitzuten.
33 Beraz, erantzun zioten: «Ez dakigu». Jesusek orduan: «Ba, nik ere ez dizuet esango zer autoritate daukadan gauza hauek egiteko».
Oharra
^ Edo «astakume».
^ Edo «sikatu; lehortu».
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
^ Lit. «zeruak».